XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urteotan atzetik ari da eztenka radikalismoa, Gobernu zenbaitetan parte hartuaz, baina moderatismoari aurpegi emateko aukerarik galdu gabe.

Izan ere, radikalak bait dira Errepublikaren garbizaleak eta atezainak, kintakolunistarik sar ez dadin (gogora Ralliement arriskutsu hura).

Lehen Gobernu osoki radikala Bourgeois-ena izanen da (1859-96), baina ordurako radikalismoak eginik zuen lan sakona Frantziako eskualdeetan, eta 1890 ingururako jende hainitz bereganatu du.

1893-1902etan, Dreyfus-en hauzia tarteko dela, Radikalismoak borroka-ideia zaharberrituekin bilduko ditu jarraileak: orain ere, eskuinean da etsaia (nazionalismoa, klerikalismoa, antisemitismoa, etab.).

Urteotan goranahi bizkorra dakar 1901-an Partidu bilakatuko den Radikalismoak (54) Bozaldi bakoitzean ugaritzen dira deputatu radikalak: 46 deputatu 1881-ean; 100, 1885-ean; 112, 1889-an; 49 sozialista eta radikal-sozialista, beste 112 radikalekin 1893-an; baina moderatuak dira oraingoan, inoiz baino areago, irabazle, 317 deputatuekin. 1898-an bozketak hiru bloke ematen ditu: ezkertiarrek 235 deputatu dituzte (57 sozialista, 74 radikal-sozialista, 104 radikal), gehientasunera heldu gabe bada ere. Baina radikalak izanen dira garaile 1902-an, ezkertiarren blokean: 340 aulki ezkertiarrentzat, eta hauetatik 233 radikalentzat nahiz radikal-sozialistentzat, eta dena beharko du 1901-5 urteetako programa politikoa aintzina atera dezan.